Istanbuleko goxokiak
Bidaietan badago bereziki gustatzen zaidan une bat. Bitxia da, eta paradoxikoa irudi dezake… Bidaia amaitu eta kanpaleku nagusia deitzen diodan horretara itzultzen naizenean gertatzen zait. Donostiara, alegia. Abentura bukatzear dagoenean sortzen den sentimentu gazi gozoari aurre egin ondoren, sentipen magiko batek inguratazen nau une batez.
Hitzez azaltzea apur bat zaila egiten zait. Sentimentuzko jet lag moduko bat da. Bat-batean normaltasunera itzuli naiz, lagun batekin geratu, eta betiko tabernan, betiko auzoan garagardo batzuk edaten ari naiz. Hainbat aldiz aspergarritzat jo dugun auzo hori berbera, bertatik ihes egitearekin amesten dugun hori.
Une horretan, nire inguruari begiratzen diot, egunerokotasunari, lasaitasunez, hainbat egoera zirraragarri bizi berritan… Niretzako errepikaezina da, bidaia bakoitzaren ostean behin bakarrik gertatzen baita.
Beti exotiko irudituko zaigun helmuga batetik ordu gutxi eta kilometro askora, errutinak izkutatzen dizkidan hainbat kontutaz ohartzen naiz halako batean. Orduan ohartzen naiz zenbat balio duen etxean dudanak, egunero ikusten dudanak. Bidaia bakoitzaren osteko ikasgaia da niretzat.
Bada, joan den ekainean Turkiatik itzuli nintzelarik jazotako pasarte bat gogora ekartzeko soilik ari natzaizue hau guztia kontatzen. Nire ilobak dira protagonista nagusi.
Txikienak Saoirse du izena, Laida da erdikoa eta Manex nagusia, lau urtekoa. Seguraski horregatik, azken hau da fantasia garatuena duena, alegiazko munduak gehien bisitatzen dituena. Eta, esan beharra dut, batzuetan nire antza hartzen diodala. Behin batean, nire aitak Hondarribiako aireportura eraman zuen, ama Istanbuletik etortzekoa zenez, hegazkinak ikus zitzan bide batez.
Espero bezala, haurra segituan hasi zen itaunka.
-Nondik zatoz amama?- galdetu zuen kuxkuxero.
-Istanbuletik, maitia.Istanbul.
-Eta non dago Istanbul?
-Bada, Turkian dago… hemendik oso urruti, bihotza. – esan zion amak.
Ordutik, jakina, umeak “urruti” eta “Istanbul” kontzeptuak erlazionatzen ditu.
Beste behin aitona Albertok belaontzia ikustera eraman zuen Hondarribira berriz ere, bertako portuan baitago geure Haizape II.a. Bidenabar, geure kaietan hain ugariak diren korrokoi handiei begira jolastu ziren tarteka.
Harrokeriaz jositako haur-oldarraldi xamurra izan zuen Manexek. Bere esanetan, belaontzi askoz ere handiago baten jabe baitzen, arrainak askoz ere handiagoak omen ziren toki batean, eta nork daki zenbat gauza gehiago… Guztiak handiagoak, noski.
Nire aitak zera erantzun zion orduan, umearekin jolasean eta intentzio pixkatekin, ohi duen legez.
-Benetan? Ikustera eraman beharko nauzu orduan, ezta?- galdetu zion aitonak.
- Baina… oso urruti dago!-ihes egiten saiatu zen biloba.
-Oso urruti? Non, ordea?
Txikia pentsakor geratu zen une batez, eta berehala erantzun zion segurtasun osoz.
-Istanbulen.
Lasai asko geratu zen bere buruarekin, eta jarraitu zuen kirol portuko moilan barrena bidaiatxoa egiten.
Turkiatik itzuli nintzenean, haurrei bertako goxoki tipiko batzuk ekartzea bururatu zitzaidan. Etxean egindako gominola moduko batzuk dira, glas azukrez inguratuak, eta batzuk almendraz beteak. Lokum izena dute.
Zer ekarri ote nien galdetu zidatenean, erantzuna erraza zen benetan: Istanbuleko goxokiak.
Argazkiak: Iñigo Yurrita eta Jerroen.
-
http://twitter.com/tokitan/statuses/21786834214 tokitan (tokitan tv)
-
http://topsy.com/tokitan.tv/istanbuleko-goxokiak?utm_source=pingback&utm_campaign=L2 Tweets that mention Istanbuleko goxokiak | tokitan.tv — Topsy.com


Tokimap


















