nor gara

pasaportetransona

Monsieur Toutlemonde

“Toutlemonde jauna” frantsesezko herri hizkeran “herritar xehea” izendatzeko erabiltzen den esamoldea da

Haritz Rodriguez da monsieur Toutlemonde.

Amaren sabelean egin zuen hegan lehenengo aldiz hegazkin batean, Caracastik Madrilera. Ama eibartarra eta aita donostiarra diren arren, Karibeko herrialdean bizi izan baitziren 10 urtez. Ez zen denbora gehiegi igaro hegazkineko eserlekuan eserita lehenengo hegaldia egin zuen arte. Jaio eta 7 hilabetera Donostian bueltan zen. Hiri horretan hazi da eta bere bidaia txikien abiapuntu edo “akanpaleku base” izan da orain arte.

Ez da gaur arte egindako bidaia kopuruarengatik kexu, baina beti geratzen zaio egindakoa gutxi denaren sentipena. Gehiago gogoratzen ditu oraindik bisitatzeke geratzen zaizkion tokiak, orain arte bisitatu dituenak baino: Amerikako Estatu Batuak, Irlanda, Grezia, Frantzia, Espainia, Herbehereak, Maroko, Egipto, Turkia eta Alemania… etxetik gertuago dauden tokietara egindako txangoak ahantzi gabe.

Bere aitarengandik jaso du itsasoarekiko zaletasuna. Bizitza osoan makina bat kirol praktikatu ditu, baina aitortu ohi duen bezala, ez da ez batean ez bestean espezializatu. Denetarik apur bat, eta bakoitzetik gutxi xamar: Bizikleta, eskalada, mendia, praguismoa, surfa, bela… baina judoa izan da betidanik bere pasioa. Baliteke horregatik mirestea hainbeste Ekialdeko kulturak.

Kazetaritza ikasi zuen EHUn. Zortzi urtez ohiko prentsan lanean aritu ostean, Interneten murgildu zen buru belarri, bideoak euskaraz partekatzeko Euskaltube.com webgunea sortu zuen arte. Denbora luze horretan hainbat blogetan idatzi du eta teknologiaren inguruko gaiak landu ditu zenbait irratsaiotan, komunikazioaren Elizarekin topo egin zuen arte: Telebista. Gaur egun, teknopoliseko VLOG tartea aurkezten du eta Nickdutnik saioan kolaboratzen du gidoilari eta erreportari lanetan.

timonErredakzio gela tradizional eta komunikazio bulegoetaz apur bat nekatuta, orain urte bete inguru salto txiki bat ematea erabaki zuen. Horrela hasi zuen informazioaren eta komunikazioaren teknologiekiko duen interesa eta bidaia, txango eta naturarekiko zaletasuna uztartuko zituen egitasmoa. Bizitza digitala hainbat blog komunitario eta Facebook nahiz Twitter bezalako sare sozialen artean egiten du. Hemendik aurrera, baita  Tokitan.tv gunean ere.

Tokitan.tv

“Tokitan” denboran nahiz espazioan oso urrun dagoena adierazteko euskaraz erabili ohi den esamoldea da, baita monsieur Toutlemondek egiten dituen bidaien berri ematen duen bideoblogaren izena ere. Hala ere, berarekin bidaitzen duten pertsonak, lagun eta bidailagunak, edo helburuetan aurkitzen dituenak protagonista bilakatzen dira maiz.

Tokitan.tv-n “bidaia handiak” ikusi ahal izango dituzue (Greziako uharteak belaontzian, Afrika Iparraldea eta Iberiar Penintsula errepidez…) baina baita bidaia txikiagoak ere, hala nola, mendizale irteerak Piriniotan, piraguan euskal kostaldean, oreinen ugalketa Sorian, surfa Lapurdin, onddo bilketa Nafarroan, hegaztien zelatatzea, geocachinga edo bizikleta gaineko ibilbideak… eta oraindik egiteke dituenak ere bai. Gainera, zuek eta zeuen esperientziak ere protagonista izatea nahi dugu. Horregatik gonbidapena luzatzen dizuegu zeuen bideoak bidal ditzazuen, bideoblogean ikusgai jar ditzagun.

Ezin uka dezakegu begirunez jarraitu izan ditugula telebistako bidaia erreportari handiak. Baina Tokitan.tv-k EZ ditu superheroientzako abenturak proposatzen. Hauek ez dira “ezinezkoaren mugan” dauden erronkak, “egingarriaren mugan” dauden bizipenak baizik. Denon eskura dauden proposamenak dira, baina ez dute zirrara txikiagoa sortzen horregatik.
up
Tokitan.tv denok barruan daramagun esploratzaile txiki horren isla da. Horregatik sentitu dugu hain geurea Pixar etxearen “UP” pelikulan kontatzen den istorioa. Animaziozko film bikain honek oso ondo laburbiltzen du Tokitan.tv-ren fillsofia, eta horregatik baliatu dugu geure zabalpen trailerra ilustratzeko.

Hain gaziki zaindutako mundu honetan egindako bideak inoiz ez direla nahikoa izango pentsatu arren, denboraren joan etorriak gauza oso garrantzitsu batetaz jabearazi gaitu: Bidaia txikiek abentura handiak izkutatzen dituzte.

Bidai on!