12 bidaia telesail ospetsu, eta ez hain ospetsu

Telebistako bidaia erreportari ospetsuak dira. Denak legendazkoak, guztiek elikatu baitute, batzuek gehiago eta besteek gutxiago, nire bidaia irudimena. Komikiek, zinemak edo literaturak egin duten legez. Nire uste apalean, bidaia erreportarien historiak film onak eta ez hain onak eman ditu. Batzuek besteek baino fama gehiago erdietsi dute, eta guztiek oso modu ezberdinean lortu dute.

Esan nahi dudana da batzuk besteak baino gehiago gustatzen zaizkidala. Baina, nolabait, guztiek eragin diote telebistako bidaia telesailen inguruan egun dudan ikuspegiari, eta horregatik iruditzen zaizkit azpimarratzeko modukoak. Asko eta asko utzi ditut, seguru aski, aipatu gabe. Are gehiago genero hau kate tematikoetan eta Interneten asko ugaldu den honetan… Baina, burmuina gehiegi estutu gabe, bururatu zaizkidanak ekarri nahi nituzke gogora.

[1] Le Monde du Silence

Zalantzarik gabe, zerrenda honetako lekurik gorenean Jacques Cousteau dago niretzako. Handienetako bat, zentzu askotan. Zientzialaria, itsasoaren zaintzailea… Zer esan Cousteauren figurak ordezkatzen duen horretaz guztiaz. Pertsonaia benetan zirraragarria.

1955. urtean, Jacques-Yves Cousteau Calypso ontzian abiatu zen Toulon-eko portutik. Bera eta bere urpekariak 12.000 itsas miliako bidaia batean murgildu ziren Mediterraneo Itsasoan, Itsaso Gorrian eta Indiako Ozeanoan barrena. Bere helburua: Itsaspeko mundua filmatzea. Emaitza: Oscar sari bat eta Canneseko Zinema Jaialdiko Urrezko Palmondoa.

Kapitain, ekologista eta ozeanografoarekin utziko zaituztet minutu batzutan hemen beheko bideoan, baita Calypso bere bidailagun mitikoarekin ere, “Mundu Isila” (“The Silent World – Le Monde du silence”) izeneko dokumentalaren sarrerarekin.

[2] Doctor Livingstone, supongo

Handiekin jarraituz, ezin herrikide bat aipatu gabe egon. Roge Blascori buruz ari naiz, bidaia errportari soil bat baino askoz ere gehiago. Bere irratsaioek oso ezagun egin dute, baita telebistarako egindako bi saiok ere. Batetik, “Doctor Livingstone, supongo” izenekoa dago, ETBn emititutakoa. Bestetik, TVE2ko “Tierra a la vista“. Tamalez, ez dut aurkitu telesail baten nahiz bestearen bideorik Interneten… Baina berari zuzenean galdetuko diodala zin dagizuet, uztailaren 28an ni eta nire aita gonbidatu baikaitu irratsaiora. Bien bitartean, Radio Euskadiko “Levando anclas” irratsaio ezagunaren atal baten bitartez telegarraiatu dezakezue zeuen burua.

Honelaxe aurkezten du irrati pasartea: “Macaorekin jarriko gara lehendabizi harremanetan, bertan baitago Pablo Garcia bizikleta-bidaiari argentinarra. Peru Magdalena bertsolari eta olerkariak eta Egoitz Etxeberria abeslariak Hegoamerika eta Kuban bizitako abenturen bigarren kapitulua kontatuko digute. Mario Sarsa doktoreak Congo ibaian zehar egindako nabigazioa deskribatuko du, baita bertako gerrila batek harrapatu zuenekoa ere. Gainera, Hilo Moreno eta Jose Mijares-ek Spitsbergen uhartean eskiekin burututako trabesiaren berri emango digute, Zirkulu Polar Artikoan”. Ez da gutxi, gero!

[3] El hombre y la tierra

Zalantzarik gabe Félix Rodríguez de la Fuente da bidaia, abentura eta natura kazetaritzaren beste adibide indartsu bat. Ez al da ahaztezina “El hombre y la tierra” bere saioaren sarreratxoa?

[4] Un país en la mochila

Aragoiko politikari batekin jarraitu behar dut derrigor, José Antonio Labordeta eta “Un país en la mochila” bere telebista programarekin. Ondoko bideoak Labordetak 1993an Macael (Almeria) bisitatu zuenekoa kontatzen du, marmolaren elaborazio prozesua bertatik bertara ezagutzeko. Saioaren lehenengo atala da.

[5] The cocodrile hunter

Pisu gutxiagorekin, baina hala ere zerrendan, Steve Irwin dago, “Krokodilo ehiztaria“. Hain zuzen, gehien gustatzen zitzaiona egiten ari zela hil zen: Piztia batengana modu arriskutsuan gerturatu. Interneten bada bideo bat ustez bere heriotzaren unea jasotzen duena, pastinaka batek bere buztan pozoitsuarekin ziztatu zuenekoa. 14 milioi bistaratze baino gehiago izan ditu bideo honek. Dudarik gabe, pertsonaia mediatikoa.

Bere lana egiten ari zirela hildako bi lagun aipatu ditut dagoeneko. Baina beste istripu hilgarri bat aipatu behar dut oraindik. Felix Rodriguez de la Fuenteren heriotzak bezala, honek ere helikoptero batekin du zerikusia.

[6] Euskal Herria, lau haizetara

Iñaki Pangua zuzendari eta errealizatzaile euskalduna, Rubén Cortijo kameraria eta Roberto Arenas pilotua, saiorako irudiak hartzen ari ziren bitartean helikopteroa Markinan erori zenean hil ziren. Santiago Yáñiz mendi-kazetari eta argazkilaria larriki zauritu zen. Bera izan zen biziraun zuen pertsona bakarra.

Euskal Herria, lau haizetara” saioko kapitulu bat grabatzen ari ziren. Telesail honek baditu hainbat ezaugarri bereizgarri: ez dago aurkezlerik, off-eko ahots sakon batek egiten du narrazioa, errealizazio eta edizio ikusgarriak dauzka, baita musika bikaina ere. Irudi guztiak “txoribistan” errodatuak daude, gainera. Maisulana eta ETBn, euskaraz nahiz gaztelaniaz, oso saio arrakastatsua. Ondoko bideoan hazi naizen hiriak eskaintzen dituen ikuspegi ederrekin goza dezakezue: Donostia. Gaizki dago nik esatea, baina ez diote alferrik esaten Easo Ederra… ;)

[7] Ushuaia

Lagunen artean inkesta txiki bat egin dut, eta haiek gogorarazi didate Nicolas Hulot eta “Ushuaia izeneko bere saioa. Zenbat arratsaldetan bidaiatu ote dut sofatik jaiki gabe berari esker…

[8] Chiloe

Eta inork galdetuko dio bere buruari… ez al dago emakumezko erreportaririk? Bada, bai, badago. Eta bada garaia lagun eta lankide bat aipa dezadan: Maider Egues eta “Chiloe” saioa, euskaraz (baita gaztelaniaz ere) aitzindaria. Sofatik Maltara nola eraman zaitzakeen ikusi nahi baduzu, egin klik ondoko bideoan.

Esan behar dut ez dudala hainbeste jarraitzen “Chiloe”ren egungo formatua,  Jokin Etchevarriak ETBn aurkezten duena. Badakidana da RENFEko Donostia-Madril ibilbidea egiten duten Alvia trenetan jarri ohi dutela ikusgai, filmaren ostean.

[9] Lonely Planet TV

Ez hain maiz, baina Lonely Planeteko bideoak ere ikusi izan ditut tarteka, eta webgunea askotan bisitatzen dut. Ondoko bideoak Sierra Nevadako kokaina faktoria batetara eramango zaituztete une batez. LPTVn gehien ikusi diren bideoen artean dago. Bide batez, esan dezadan Tokitan.tv-ko kapituluetako batean Marokon haxixa nola egiten duten erakutsiko dizuedala.

[10] Desafío Extremo

Bada erreferente berriago bat: Jesús Calleja, Leongo abenturazalea eta Cuatro kateko benetako fenomenoa “Desafío Extremo” saioaren ondorioz. Igoko zinatekete berarekin Everestera…?

[11] The Long Way Round

Ewan Mcgregor eta Charley Boorman protagonista dituen dokumental sorta ere proposamen interesgarria da. “The Long Way Round” izeneko lan honetan, Londresetik New York-era motoz egindako bidaia kontatzen dute, mundu osoan barrena 31.000 kilometro zeharkatuz. Hemen azpikoa duzue trailer edo aurkezpena.

[12] Palin’s travels

Amaitzeko, Michael Palin idazle eta Monty Python umore taldeko kide itzelarekin batera bustialdi bat hartzera gonbidatzen zaituztet, Turkiako bainugela batean. “Palin’s travels” du izena BBCn aurkezten duen bidaia saioak. Errepikaezina!

Guztien alde on eta txarrekin, aitortu behar dut modu batean ala bestean denek eragin nautela. Eta, ezberdintasunak ezberdintasun, badute zer ikusirik Tokitan.tv-rekin egin nahi izan dudan nire ekarpen xumearekin.

Eta zuk, zer edo zein gaineratuko zenuke zerrenda honetan?

  • manwe

    Buena lista. Me falta, dentro de lonely planet, que añadas al gran Ian Wright! http://en.wikipedia.org/wiki/Ian_Wright_(traveller)

  • http://twitter.com/tokitan tokitan tv

    Muchas gracias por el apunte Manwe.

    Como he comentado en el post, me he dejado a muchos en el tintero. Así que os animo a que destaquéis los que a vosotros os parezcan reseñables.

    En cuanto a Lonely Planet, he destacado el canal de forma general, y he incrustado uno de los vídeos más vistos en Youtube.

    Indiscutiblemente, Ian Wright es otro de los referentes en cuanto a reporteros de viajes/aventura/naturaleza.

    Aquí os dejo un vídeo en el que Wright se lleva a la boca un suculento plato de marmota en Mongolia… ;)

    http://www.youtube.com/watch?v=ck18vkhYavU

  • http://topsy.com/tokitan.tv/12-bidaia-telesail-ospetsu-eta-ez-hain-ospetsu?utm_source=pingback&utm_campaign=L2 Tweets that mention 12 bidaia telesail ospetsu, eta ez hain ospetsu | tokitan.tv — Topsy.com

    [...] This post was mentioned on Twitter by tokitan tv, tokitan tv. tokitan tv said: Artikulu berria: 12 bidaia telesail ospetsu, eta ez hain ospetsu http://tinyurl.com/2eo9u9a #bidaiak #abentura [...]

  • maider

    Maider Egues-ek dixit: Orain dela egun gutxi hartu nuen Donostia-Madril Renfeko Alvia famatua, eta telebista piztu zutenean, dardarka hasi nintzen pentsatzen ez ote zuten Chiloe jarriko pantailan, izan ere, lagun batek esan zidan Maltan bainatzen ikusi ninduela trenean zijoan bitartean… ufffff…. ze lotsa! Zorionez, beste dokumental bat jarri zuten pelikularen ondoren. Pentsa ze lotsa Chiloe jartzen bazuten! Glup! Pentsatua nuen agian, kareta hasi bezain laister, komunera joan, edo kafetegira, eta han geratu dokumentalak irauten zuen bitartean…. Aisssss…

  • http://twitter.com/tokitan tokitan tv

    Kaixo Maider!

    Jajaja, a ze panorama! Kafetegia aukera ona zenuen ihes egiteko. Bestela, eraman ezazu bada ezpada ere lo egiteko erabiltzen diren antifaz horietako bat!

    Dena dela ere, honez gero ohituta zaude zu!

    Nik horrela egiten dut joaten naizenean: Miranda de Ebrorainoko bidea aprobetxatzen dut zerbezatxo edo dena delakoa hartzeko tabernan. Izan ere, bertan jarri ohi dute filma. Hortik aurrera, filma lasai-lasai ikusi ohi dut, edo oso txarra bada lokuluxka egin.

    Baina, jakina, Chiloe hasten denerako esna! Orain arte Jokinenak bakarrik tokatu zaizkit, ordea, Maltako horren arrastorik ez behintzat! Ze pena! XD

    Portzierto, kasualitatea da blog honetan Maltakoa jarri izana. Youtuben bilatu eta aurkitu nituenen artean lehenengotariko da.

    Eskerrik asko blog honetan zure erantzuna uzteagatik Maider!

blog comments powered by Disqus